2007/04/30

JOLASTEKO OHITURAK ALDATZEN

Azkenengo urteetan, umeen jolasteko ohiturak asko aldatu dira. Gaur egun, nahiko zaila da umeak kalean jolasten ikustea. Lehen, parke guztiak umez beterik zeuden. Ni txikia nintzenean eskolatik irten, merienda hartu eta auzoko lagunekin jolasten gelditzen ginen. Kalean patinekin, bizikletarekin, gomarekin, sokarekin jolasten zen besteak beste eta futbolera, sakibaloira, ama eta aitetara, andereñoetara, medikuetara jolasten zen, beste jolas askoren artean, umeen irudimenaren arabera infinituak izan zitezkeenak.

Gaur egun, berriz, umeek eta gurasoek oso ordutegi itxia dute, lana, eskola, eskolatik kanpoko jarduerak, etxeko lanak dituzte besteak beste, eta horregatik, ez dute kalean egoteko denbora askorik izaten. Ume gehienek etxean jolasten dute, normalean, jolas elektroniko, ordenagailu, telebista edota bideojokoekin, beste umeekin harremanik izan gabe. Gainera, gaur eguneko familietan ume bakar bat izatea nahiko ohikoa denez umeek ez dute etxean jolasteko anai-arrebarik izaten, eta horrek bakarrik jolasteko joera hori areagotzen du.


Guzti horren ondorioz, nire garaiko umeak zituzten jolasteko ohitura batzuk galtzen ari dira, eta beraz, hoiek umeen garapenerako suposatzen dituzten onurak ere. Horrekin batera, lehengo balio batzuk galdu egiten ari dira eta beste batzuei garrantzia handiagoa eman. Lehen, taldean jolastea, umeen arteko harremanak, besteengandik ikastea, elkar laguntza eta besteekin konpartitzea garrantzitsua zen. Gaur egun, berriz, kontsumismoa eta indibidualismoa bultzatzen ari gara.

Horregatik, blog honetatik mezu bat bidali nahi diet gurasoei. Hau gerta ez dadin, hainbeste jostailu oparitu beharrean umeekin denbora eman behar dugu jolasten, umeen zein gurasoen agendetan jolasteko denbora atera behar dugu. Horrez gain, beste ume batzuekin erlazioak bultzatu behar dira eta ahal den neurrian kalean jolasteko denbora atera behar dugu, betiko jolasetara jolasteko.


2007/04/29

JOLASA ETA AFEKTIBITATEA

Jolasak afektibitatea jartzen du martxan, jolasen bidez besteak maitatzea eta norberak bere burua maitatzea lortzen da. Pertsonalitateaaren sendotasuna, autoafirmazioa, autoebaluazioa eta autoezagutza gertatuko da. Baina ingurunea oso garrantzitsua da, ondorioz, egoera batzuk pertsonalitatea sendotuko dute eta beste batzuk kontrakoa lortuko dute, hau da, ziurtasun falta, lotsa gehiago izatea, konfidantza falta...

Haur hezkuntzan, giroa beroa izango da, umea bere nortasunarekin onartu behar da, konfidantza eskuratzeko. Umeak adierazten dituen sentimenduak baloratu behar dira eta hartzen dituzten erabakiak errespetatu, umeari iniziatiba hartzeko aukera emanez. Ahal den neurrian umearen ekintzak ez dira zuzendu behar. Ikasteko prozesua ez da azkartu behar. Mugak jarriko dira, errespetua mantentzeko edo mina ez hartzeko, eta giza ohiturak aurrera eraman ahal izateko. Norberaren irudia onartu eta indartu behar da.

Umearen afirmazioa ez da kasualitatearen eskuetan utzi behar, jarduerak oso zorrotzak badira edo askatasuna uzten ez badute edota sariak edo irabazteak tentsio handia markatzen badu antsietatea, angustia eta jardueraren aurkako jarrerak azalduko dira. Beraz, saiatu behar gara ume guztien onarpena izaten, umeen autoestima indartuz eta alaitasuna bultzatuz. Partizipazioa bultzatuko da eta jolasak eta jarduerak libertigarriak izango dira. Irabaztea ez da helmuga bat izango jarduerak integratzaileak izango dira.

Irakaslearen papera oso garrantzitsua izango da, irakaslea ez da oso gogorra izan behar, ez du jokoa manipulatu behar eta jolasetan animatzailea baino ez da izango. Sortzailea eta dinamikoa izango da eta jolasteko gogoa izango du.

2007/04/25

HERRI JOLASA

Herri jolasa umeek sortutako jolasetan oinarrituta daude, baina ahozko tradizioari esker trasmititzen dira umeen artean. Modu honetan, jolas berdina, herri bakoitzean bere ezaugarri propioak eskuratzen ditu, arauak ezberdinak direlako, eta jolasaren mugak ere bai. Gaur egun, herri txikietan ezik, ez da kalean horrenbeste jolasten, eta jolas hauetako batzuk galtzen dira, interesgarria litzateke hauetako batzuk berreskuratzea, atsenaldietan erabili ahal izateko. Umeak ezagutzen duenean jolasa, bere aldagaiak sartuko dizkio, eta bizitza propioa berreskuratuko du jolas horrek, jolas gehienak bizirik baitaude.

Herri jolasak erakusten direnean, zailtasun handia ez duten jolasak bilatuko dira, eta ahal bada, hasieran ezagunak izan behar dira, beraiek eskolako beste umeetan ikusten dituztenak. Proposamenak irekiak izango dira beti, aukera eta soluzio ezberdinak emateko aukera izanez, eta egoerak erakargarriak izango dira. Herri jolasak pariatu du gizarte honek jaso dituen aldaketak, eta gaur egun ikus daitezke ondorengo ezaugarrietan:
  • Sexuen artean badaude diferentziak espazioak okupatzean eta jolas motak aukeratzean, baina geroz eta txikiagoak dira, ume falta dela eta, sexu eta adin ezberdinetako umeak elkartzen direlako herri joasetara jolasteko.
  • Materialak aldatu dira, lehen norberak egindakoak ziren eta gaur egun estandarizatuak eta komertzializatuak dira.
  • Kalean gutxiago jolasten da.
  • Hirietan gurpileko kirolak ikusten dira.
  • Kirol jolasak herri jolasen aurrean jartzen dira.
  • Umeek ez dute jolasarekiko gustua galdu.

Loturak: Euskal herri jolasak

2007/04/23

AISIALDIA


Laster uda dator eta urtean zehar oso lanpetuta egon diren umeak, eskolara joaten, eskolatik kanpoko ekintzetan parte hartzen, etxekolanak egiten, besteak beste, udako hilabetetan guztiz libre gelditzen dira. Hiru hilabeteetan zehar duten askatasun hori ondo pasatzeko eta aisialdiaz gozatzeko erabiltzea gomendatzen diet, haien gustoko ekintzetan partea hartuz. Horretarako, aisialdi taldeek zein udaletxeek urte osoan zehar eta bereziki udan ume eta gazteentzat zuzendutako ekintza ugari prestazten dituzte, beste proposamen batzuen artean, udan egiten diren udalekuetan, hala nola; kirola, eskulanak, jarduera kulturalak, jarduera sozialak, eta jarduera ludikoak, besteak beste. Horregatik, ume guztiak udan haientzat prestatu dituzten edozein udalekuetara joatea animatzen ditut, behin esperientzia hori bizi eskero hurrengo urtean errepikatzeko irrikaz gelditzen bait zara. Izan ere, esperientzia oso positiboa da ondo pasatzeaz gain lagun onak egiten direlako.

Bideoa:


Udalekuak 2007:

2007/04/20

HEZITZAILEEN PAPERA: JOKOEN ANIMAZIOA ETA ARAZOEN KONPONKETA



Umeekin jolas gidatuak egiten ditugunean hezitzaileek bi gauza kontutan hartu behar ditugu. Alde batetik, jokoak animatzea oso garrantzitsua izango da eta bestetik, umeen artean gertatu ahal diren arazoak konpontzeko gai izan behar gara.

Jolas bat proposatzen diegunean umeei kontutan izan behar ditugu zenbait puntu:


  • Arauak eta jokatzeko era azaldu behar dugu. Adibide on batez bidez egiten badugu hobeto.

  • Azalpena zatika egingo dugu eta umeek ulertu duten edo ez ziurtatuko gara.

  • Ondo ulertu den jakiteko galderak eta frogak egingo ditugu.

  • Guzti hau era animatu batean egin behar dugu umeen interesa eta motibazioa pizteko.

Umeak jolasten ari den bitartean sortu daitezkeen arazoak honako hauek izango litzateke:


  • Boluntarioki jolastu nahi ez izatea. Nahiz eta umeak jolasteko animatu, ezin ditugu behartu.

  • Eliminazioak egotea. Horren ondorioz, eliminatuta daudenak aspertu daitezke eta hori ez gertatzeko beste behar bat eman behar diegu ume hauei.

  • Indibidualismoa sustaztea.

  • Diskriminazioa.

  • Eta beste abar luze bat.

2007/04/19

KOOPERAZIO JOLASAK

Kooperazio jolasak EEBBtan sortu ziren, eta Kanadan 60. hamarkadan. Hamar urte beranduago, alemaniar psikologoek Europara ekarri zituzten, kanpoko jolasen mekanismoak egokituz eta mahai jolasak sortuz.

EZAUGARRI OROKORRAK

  • Taldean jolasten da eta partaide guztiak helburu berdin bat dute; guztiek batera irabazten edo galtzen dute. Inor ez da kanpoan gelditzen. Jolasa momentu berdinean bukatzen da guztiontzat. Jolasa galtzeak ez du esan nahi partaideek ez dutela gozatu.
  • Jolasaren erronka, taldetik kanpo dagoen elementu bat izango da (grabitatea, denbora...). Honen kontra egin beharko dute eta ez beste partaide baten kontra.
  • Elkarrekin eta lankidetzan jolastuz irabazteko aukera gehiago daude. Orokorrean, jolas gehienetan, partaide bakoitzak bere puntuaketa eman diezaioke beste bati, honek baietza ematen badu. Adibidez, partaide bati bere puntuaketa ez dionean balio eta beste batek honen beharra badu, arriskuan dagoelako... Arauek elkar laguntza eta lankidetza ematea ahalbidetu behar dute, inor behartu gabe.
  • Lankidetza egiteko beste aukera bat jolastearen aukera ezberdinak aztertzeko eztabaida txikiak egitea da; fitxak nola mugitu etab. eztabaida hauetan gatzaka txikiak sortu daitezke baina partaideek hauek konpontzera behartuak ikusiko dira helburua lortu nahi badute; orduan negoziaziorako mekanismoak martxan jartzen dira.
  • Jolasaren arauak askotan partaideen adinaren arabera egokitu daitezke; jolas berdinarekin zailtasun maila ezbardinak lortu daitezkeelarik.
  • Jolas hauetariko asko arauak gainetik azaltzen dituen ipuin baten bitartez aurkeztu daitezke. Aurkezpen pertsonalizatu bat egiteko originaltasuna ematen dio, jolasaren aurkezpena ahalbidetuz.
  • Jolas bakoitzaren zentzua eta balio ezberdinak igortzen ditu.
  • Atseginak dira eta poztasuna sortzen dute.
  • Ematen den komunikazio positiboagatik jolasak begirunea eta beregana eta besteekiko konfiantza sustatzen du.

ABANTAILAK

  • Talde espiritua bultzatzen da
  • Besteekiko komunikazioa areagotzen da.
  • Integrazioa bultzatzen da.
  • Besteekiko enpatia garatzen da.
  • Umeen interesa eta motibazioa handitzen da
  • Besteenganako konfiantza garatzen da.

BALIOETAN HEZITZEN

Gaur egun, familia eta eskola-bizitzaz gain kaleko heziketak eragin handia dauka gure umeengan. Heziketa hori telebista, bideo-jolas, liburu, hiriko espazio eta abarren bidez garatzen da informalki. Esan daiteke eragile hezitzaile horiek gaur egun ume eta gazteengan duten eragina familiak eta eskolak daukatena bezain handia dela.
Kaleko heziketak transmititzen dituen balioak edo kontrabalioak (hala nola, lehiakortasuna, norbanakotasuna, kontsumismoa...) gure gizartearen ezaugarriak dira eta gazteenak moldatzen ditu. Era berean, gaur egun erabiltzen diren jolas asko eta asko bakarkakoak eta lehiakorrak dira, arreta jostailuan bertan zentratzen delarik. Jostailuak etengabe erosten eta botatzen dira, eta horiek jolaskideek eta jolaserako hartzen den denborak berak ere baino garrantzi handiagoa hartzen dute.
Egoera honen ondorioz, hezitzaileek zerbait egin behar dugu, umeak dituzten jolasteko ohiturak aldatzeko eta balio positiboak transmititzeko. Horregatik eta jolasen malgutasunari esker, jolas konpetitiboak jolas kooperatiboak bihurtu behar ditugu. Izan ere, jolas berbera helburu desberdinekin eta modu desberdinetan erabili dezakegu, guk transmititu nahi dugun baloreen arabera. Hori dela eta, guztiok ezagutzen ditugun jolas tradizional ugari moldatu ditzakegu eta kooperatibo bihurtu.
Aukeratzen ditugun jolasak aniztasuna eta berdintasuna defendatu behar dute, generoa, adina, diskapazitate edo kultura edozein delarik. partehartze librearen, errespetu eta berdinen arteko elkarreraginaren aldeko apostua egin behar da. Komunitateko kide guztien balorazioa behar da, ideia berriak izan eta desberdintasuna modu duinean hartzea lortuz. Heziketa inklusiboa pertsonen integraziotik haruntzago doa, guztien benetako partehartzea nahitaezkoa delako. Era horretako heziketari esker, pertsona horiek etorkizunean balore horiek beraien bizitzako alderdi desberdinetara hedatuko dituzte, hala nola, lanera, osasunera, partehartze sozialera, eta abar, pertsonek oro har bizi kalitate hobea edukitzea lortuz.
Artikulu interesgarriak: 1, 2, 3.

2007/04/18

JOSTAILUAK

Umeen garpenerako jolastea ezinbestekoa da. Horretarako, askotan umeek jostailuak erabiltzen dituzte. Horregatik, jostailua osagarri bat izango da umeen jolasetan. Baina, jolastailu guztiak ez dira egokiak ezta seguruak izaten. Horregatik, gurasoek eta hezitzaileek adi egon behar gara eta umeentzako egokiak diren jostailuak erosi eta oparitu behar dizkiogu. Jostailu guztiak hezigarriak dira, horregatik, kontutan izan behar dugu jostailu bakoitzak zer garatzeko balio duen eta hau jostailu bat aukeratzerakoan kontutan izan behar dugu. Horrez gain, jostailuen aukeraketa egiterakoan umearen adina, zaletasunak, ingurunea, segurua izatea, besteak beste, izan behar dugu kontutan.
Gaiarekiko loturak:

JOLASARI BURUZKO HISTORIA

Nahiz eta gizarteak beti jolastu izan, oso zaila da jolasaren hasiera ezagutzea. Platon eta Aristoteles bezalako filosofoek eta Juan Amós Comenio (XVII), Juan Jacobo Rousseau, Giovanni Pestalozzi (XVIII) eta Friedrich Fröbel (XIX hasieran) pedagogoek jolasari buruz ikerketak egin zituzten. Baina, XIX. menderarte ez ziren jolasari buruzko lehenengo teoriak agertu. Teoria hauen bidez autore bakoitzak bere azalpena ematen du:
- Energiaren gehiegizkoa (sobrantea): Spencer-ek (1953) dio gorputzak energia gehiegi duela eta soberan dagoen energia helburu gabeko jardueratan erabiltzen dela.
-Prestakuntzarako ariketaren teoria: ( Groos, K., 1916) jolasa gerorako prestakuntza bat da, jolasak helduen artean bizitzeko prestatzen du.
-Teoria katartikoa: (Carr, H. A., 1902) Ikasi berriak diren jarduerak finkatzeko eta gaizki ikusita dauden tendentziak kontrolatzeko, emozio arriskutsuak adierazteko.
- Plazer emozionalaren teoria: (Bühler, 1930) jolasa plazerraren iturri bat da.
- Teoria kognitiboa: (Piaget, 1957) gure jokaera inguruarekiko adaptazio bat baino ez da. Jolas adaptazio horren adierazgarria.
- Teoria soziokognitiboa: (Vigotsky). Jolasa jarduera kognitibo bat da, eta ingurunearekin harremanetan dago, inguruneak ikaskuntzak sortzeko prozesua laguntzen bait du.
- Teoria sozio ekologikoa: (Harlow eta Meyer 1950) jokalariak parte hartzen dute, baina ez dira partaide bakarrak, inguruneak jokabideak markatzen ditu.
- Imitazio eta esplorazioaren teoria: (Wallon, 1941) Umeak errepikatzen ditu ikasi berriak dituen esperientziak, errepikatzen ditu, imitatzen ditu...Imitazioak esplorazioarantz eramaten du umea.

2007/04/06

JOLASA ETA UMEAREN GARAPEN EBOLUTIBOA

Piageten ustez, inteligentzia inguruneko adaptazio bat da. Jolasak ingurunearekin harremanetan jartzeko balio du, ingurunea ezagutzeko, onartzeko, aldatzeko eta eraikitzeko erabiliz.
Faseak honako hauek dira:
- Inteligentzia sentsomotorea (0-2 urte): garai honetan jolas funtziolalak edo ariketa sinplekoak nabarmentzen dira.
- Inteligentzia errepresentatiboa ( 2-4 urte): gai honetan jolas sinbolikoak dira nagusi. Mota ezberdinak daude:
  • Proiekziozkoak: Norberaren nahiak proiektatu objetu batean, adibidez, panpina batetan.
  • Asimilaziozkoak: norberaren gorputzak asimilatzen ditu tresna baten ezaugarriak, adibidez, gorputzarekin abioia egin.
  • Konbinaziozkoak: Pertsonai batzuk imaginatzen ditu eta hauek elkartu eta harremanetan jartzen ditu. Azken hau 4 urterekin hasten da.

- (4-7 urte) Arau jolasaren hasiera. (jolas sinbolikoaren bigarren fasea): Jolas sinbolikoak ez du horren beste indarrik, eta pixkanak jolas arautua sartzen da, ondoko baldintzak agertzen hasten direnean hasi egiten da:

  • Egiten dituzten jolasak ordenatuak agertzen direnean, hau da, "lehenegoz egiten da hau... eta gero beste hau...".
  • Bere inguruko mundua objetibotasun gehiagorekin adierazten du.
  • Taldeko sinbolismoa agertzen da. Egoera kolektiboak biatzen dira, eta paperak banatu behar dira.

-Inteligentzia erreflexiboa (7 urtetik aurrera) Arau jolasak: Arauak harreman sozialak adierazten ditu, talde normaltasuna eta erregulartasuna izateko. Piageten ustez, "jolas arautuetan jarduera sentsomotoreak (lasterketak, jaurtiketak...) eta jarduera intelektualak nahasten dira eta gainera kideen artean kodigo batek markatutako lehia sortzen da".

2007/04/05

ZER LORTU JOKO ETA JOLASEN BIDEZ?

Zer lortzen da jokoen bidez?

Jokoak hezitzaileek dugun ezinbesteko baliabide pedagogikoa da. Izan ere, jokoak hezitzeko balio dute , beraz, jokoen bidez umeak ondo pasatzen duten bitartean ikasi egiten dute. Eta horren ondorioz, oso erabilgarriak dira gauza asko ikasiteko. Jokoen bidez honako guzti hau landu dezakegu:

1. Motibazioa.

2. Sentimenduak adieraztea.

3. Sozializatzea.

4. Balio psikopedagogikoa. Hau da, baloreak transmititzea.

5. Memoria eta ikasketa lantzea.

6. Imaginazioa eta garapena.

7. Joku bakoitzaren helburu zehatzak.




Zer ematen dio jolasak umeari?

Jolasa umearen jarduera propio bat da, umearentzat jarduera naturala eta beharra bihurtzen dena eta hazkunde fisikoa, intelektuala, soziala eta afektuzkoa lortzeko ezinbestekoa dena. Jolasaren bidez umeak bere nortasuna sendotsen du. umeak jolasaren bidez ondokoa eskuratzen du:

1. Gauzak aztertu eta analizatzea.

2. Sormenarekin gozatzea.

3. Pentsamenduak kanporatzea.

4. Emozioak eta inpultsoak kaleratzea.

5. Fantasia liberatzea.

6. Debekatuta dagoen guztia egitea: kotxea gidatzea, ama izatea, agintzea, gauzak erostea...

JOLAS MOTAK

Ez dago jolasen sailkapen bakarra. Sailkapenak ugariak izan daitezke, adinaren arabera, aplikatzen diren egoeraren arabera eta abar. Nik oraingo honetan azken hau aukeratu dut, jolas mota ezberdinak daudelako eta talde bakoitzetakoak zertarako erabili dezakegun jakitea oso interesgarria eta hezitzaileentzako erabilgarria iruditzen zaidalako.
Aplikatzen diren egoeraren arabera jolas mota ezberdinak daude:
1. Aurkezpen eta ezagupen jolasak: hauek talde batean umeak ezagutzen ez direnen egiten dira, jolas moduan haien buruak aurkezteko eta elkar ezagutzeko. Era horretan, beste umeak haien izena, zaletasunak eta bestelako gauzak ezagutu dezakete.
2. Baieztapen jolasak: hauek bakoitzaren nortasuna taldean finkatzeko egiten dira.
3. Konfidantza jolasak: hitzak berak esaten du, jolas hauek besteengan konfidantza handitzeko egiten dira.
4. Komunikazioa jolasak: jolas hauek gorputz komunikazioa lamtzeko egiten dira. adibidez, mimika eginez jolasen bat egin.
5. Kooperazio jolasak: jolas hauetan taldeak helburu bat du eta guztiontzako berdina izango da, taldea ren ahalegin guztiak helburu hori lortzen jarri behar dituzte.
6. Arazoen jolasak: taldeak arazo bat konpondu behar du.
7. Distentzio jolasak: jolas hauek energia askatzeko ondo datozte. Hori dela eta, umeen artean arazoren bat gertatu denean edo giro txarra dagoenean jolas hauek oso aproposak izaten dira.

JOKOA ETA JOLAS: bi kontzeptu ezberdin


Euskeraz "juego" hitza bi ezberdin adiera ditu: jokoa eta jolasa.


JOKOA

Atsegin hartzeko, eta askotan dirua bitarte dela, egiten den jarduera arautua, lehiaketa-sistemaren edo zoriaren ondorioz irabazlea eta galtzailea sortzen dituena.
Jokoa normalean nagusiek egiten duten jarduera batekin erlazionatzen da, nahiz eta umeek ere jokoetara jolastu.
Kontzeptu hau konpetitiboa da, beti dago irabazle eta galtzaile bat eta beraz benetan jolasten da.

JOLASA

Ekintza natural bat da umeari olgeta, poztasuna eta atsegina ematen dizkiona. Beraz, jolasa kontzeptua batez ere, umeen jolasarekin erlazionatzen da.
Kontzeptu hau ez da konpetitiboa, hemen ez dira galtzaileak egongo.

NIRE BLOGAREN AURKEZPENA


Nire bitakora honetan umearentzat hain garrantzitsua den kontzeptu bati buruz hitz egingo dizuet: Jokoari edo jolasari buruz. Idazteko nik daukadan esperientziaz eta bilatuko dudan informazioaz baliatuko naiz, baita, begirale ikastaroan ikasitakoaz.
Besterik gabe, espero dut nire bloga zuentzako interesgarria izatea.