2007/04/19

BALIOETAN HEZITZEN

Gaur egun, familia eta eskola-bizitzaz gain kaleko heziketak eragin handia dauka gure umeengan. Heziketa hori telebista, bideo-jolas, liburu, hiriko espazio eta abarren bidez garatzen da informalki. Esan daiteke eragile hezitzaile horiek gaur egun ume eta gazteengan duten eragina familiak eta eskolak daukatena bezain handia dela.
Kaleko heziketak transmititzen dituen balioak edo kontrabalioak (hala nola, lehiakortasuna, norbanakotasuna, kontsumismoa...) gure gizartearen ezaugarriak dira eta gazteenak moldatzen ditu. Era berean, gaur egun erabiltzen diren jolas asko eta asko bakarkakoak eta lehiakorrak dira, arreta jostailuan bertan zentratzen delarik. Jostailuak etengabe erosten eta botatzen dira, eta horiek jolaskideek eta jolaserako hartzen den denborak berak ere baino garrantzi handiagoa hartzen dute.
Egoera honen ondorioz, hezitzaileek zerbait egin behar dugu, umeak dituzten jolasteko ohiturak aldatzeko eta balio positiboak transmititzeko. Horregatik eta jolasen malgutasunari esker, jolas konpetitiboak jolas kooperatiboak bihurtu behar ditugu. Izan ere, jolas berbera helburu desberdinekin eta modu desberdinetan erabili dezakegu, guk transmititu nahi dugun baloreen arabera. Hori dela eta, guztiok ezagutzen ditugun jolas tradizional ugari moldatu ditzakegu eta kooperatibo bihurtu.
Aukeratzen ditugun jolasak aniztasuna eta berdintasuna defendatu behar dute, generoa, adina, diskapazitate edo kultura edozein delarik. partehartze librearen, errespetu eta berdinen arteko elkarreraginaren aldeko apostua egin behar da. Komunitateko kide guztien balorazioa behar da, ideia berriak izan eta desberdintasuna modu duinean hartzea lortuz. Heziketa inklusiboa pertsonen integraziotik haruntzago doa, guztien benetako partehartzea nahitaezkoa delako. Era horretako heziketari esker, pertsona horiek etorkizunean balore horiek beraien bizitzako alderdi desberdinetara hedatuko dituzte, hala nola, lanera, osasunera, partehartze sozialera, eta abar, pertsonek oro har bizi kalitate hobea edukitzea lortuz.
Artikulu interesgarriak: 1, 2, 3.

No hay comentarios: